Udako kanpamentua Zuñiga 2014


Urte honetan udako kanpamendua Zuñigan, Araba eta Nafarroaren arteko mugan dagoen herri batean, egin dugu.Uztailaren 11an kanpamendua antolatzeko asmoarekin guraso eta begirale batzuk herri horretako kanpa batera abiatu ginen. Egun hartan, kanpamendua antolatzen hasi ginen. Asteburu osoan zehar ibili ginen, batera eta bestera: lehenengo sukaldea eta azkenik barrakoi zuria. Denok batera lan egiteko eta kanpamendua prestatzeko aukera izan genuen,eta baita gurasoekin une informalak izateko aukera bikaina ere. Horrelakoek, gurasoengana hurbiltzeko aukera eman ziguten eta bide batez begirale eta gurasoen arteko loturak sendotzeko ere.


Domekan, gurasoak eta begirale batzuk dena antolatuta eta prest zegoenean etxerantz joan ziren, bi begirale ez ezik, bertan geratu baitziren kanpamentua zaintzeko.. Hurrengo egunean umeak, sukaldariak eta begirale gehiago etorri ziren. Horiek izan dira, hain zuzen ere, kanpamentua aurrera atera dutenak.

Uztailaren 14ean, Koskorrek eta Kaskondoek autobusa hartu zuten Durangon kanpamentura abiatzeko. Iritsi bezain laster bi adar horiekin udako abenturari hasiera em
an genion. Jolas batzuk egin ostean, gure kanpadendak prestatu genituen. Arratsaldean errekaz disfrutatzeko aukera izan genuen, zein hotza zegoen, baina zein pozik ibili ziren gure umeak.



Ondoren, adar bakoitza bere ekintzekin hasi zen. Txikitxoenak ibiltarirako motxilak prestatzen ibili ziren, 3 eguneko ibilalditxoa egitea tokatzen zitzaien, eta bidean hiru herri ezagutzeko aukera izan zuten. Kaskondoek Harry Potterren metodologiarekin hainbat ekintza egin zituzten.

Kaskondoak landan geratu ziren bitartean, Koskorrak herriz herri ibili ziren. Koskorrak kanpamentura bueltatu zirenean, Kaskondoek euren ibiltaria hasi zuten, 4 eguneko martxa, Zelako txapeldunak!!

3 egun izan zituzten Koskorrek landara moldatzeko gainerako adarrak iritsi arte. Arauak jarri, kanpadendak antolatu, jolasean ibilia, errekan bainatu eta adarra indartzeko aukera paregabea izan zuten gure gaztetxoek.




Lehenengo astean Elena eta Karlos izan genituen sukaldari lanetan, zapatuan Mertxe etorri zen eta pare bat egun beranduago Jasone. Haiekin ere gozatzeko aukera izan dugu. Eskerrik asko denagatik!!


Domekan, falta ziren ia adar guztiak etorri ziren. Alde batetik, Oinarinak landara heldu ziren, eurek asmatutako abesti batekin batera. Durangon hasi eta Zuñigaraino etorri ziren oinez. Koskorrek eta Kaskondoek autobusa hartu zuten egun berean, Onarinek ibiltaria hasi zuten. Motxila sorbaldan Otxandiorantz abiatu ziren, eta egunez egun ekin zioten lanari Zuñigako kanpamentura heldu arte.



Taldeko nagusienak Gasteizetik hasita landaraino etorri ziren oinez. Hiru egunetan zehar ibili ziren landara heldu arte. Hainbat toki ezagutzeko aukera izan zuten,baina Trebeak heldu baziren ere, oraindik ez geunden guztiak, Azkarrak astelehenean etorri baitziren. Berandu etorri ziren Pikozen egin baitzuten ibiltaria eta baita gogoeta ekintzak ere.

Astelehenean heldu ziren Azkarrak. Orduan bai, azkenean denok geunden kanpamentuan: umeak, gazteak, sukaldariak eta begiraleak. Kanpamentuan zehar bakoitza bere adarrarekin zein denok batera hainbat ekintza egin ditugu. Gainera errekan bainatu ginen, zenbait bizipen izan, gure artean ezagutu, hori guztia naturarekin bat eginez.

Eguraldi oso ona izan dugun arren, ostegun gauean ekaitza eta euria etorri zitzaizkigun. Baina horrek ez zuen gure kanpamentua bertan behera utzi. Gauean zenbait pertsona dena ondo zegoela ikustera altxatu ziren eta bide batez,ura kanpadendetara ez sartzeko asmoarekin zenbait zulo egin zituzten. Beldurra, adrenalina eta barreak nahastu ziren gau hartan.

Haur eta monitore batzuk gaixorik egon arren, kanpamentuan oso pozik ibili gara. Azken gaua oso berezia izan zen, txapak eta pañoletak ezarri ziren, eta ume batzuk beste adar batera pasatu ziren. Guztiontzat gau ikaragarria izan zen eta ez dugu gau horretako une bat ere ahaztuko.

Hurrengo egunean, azken egunean, Guraso Eguna, ospatu genuen, aurten kanpamentuan bertan izan zen. Gurasoak etorri zirenean ongi etorri bat egin genien eta ondoren ume eta gazteekin batera kanpadendak desmuntatu zituzten. Gurasoen komisiokoak, beste guraso batzuekin batera, kanpamentuko gainerako egiturak desmuntatu zituzten. Bukatzean, ume eta gazteek etorritakoentzako sorpresa bat prestatua zuten, kanpamentuan egindako kontatu zieten familiei.

Ondoren ospakizuna egon zen, eta gauen bizitako une asko errepikatu ziren, eta aurreko gau berezia gurasoekin bizitzeko aukera izan genuen. Bazkaldu ondoren, eguraldia ederra zenez, denok 15 egunetan zehar gure bainuontzia izan den errekan azken bainua hartu genuen.

Eguna Agur Eskautarekin bukatu zen eta familia guztiak autobusean etxerantz joan ziren. Hala ere, dena ez zegoen bukatua: begiraleak landan geratu ginen lan batzuk egiteko. Eta gainera, etorritako Asabekin batera zapatua eta domeka modu informal batean disfrutatzeko aukera ere izan genuen.

Eskerrik asko kanpamentua aurrera ateratzea posible egin duzuenoi: umeei, gazteei, gurasoen komisiokoari, sukaldariei, familiei, asabei eta begiraleei. Orain gainerako uda-egunez gozatzeko unea iritsi da!!

Hurrengo ikasturtean berriro ere elkar ikustea espero dugu, besarkada hadi bat denontzako!!

Bidean Beti Prest!! 30 urte Bidea Sortzen

Comentarios

  1. Eskerrik asko kanpamendu-esperientzia ume-gazteentzat posible egiten dozuen guztioi eta eskerrik asko monitoreei aurrera eroateagatik eta ederto kontatzeagatik. Beti prest, bidea sortzen! Mertxe (Asabak)

    ResponderEliminar

Publicar un comentario